Deskribapena
Buru zapala duen eta lau hanka motz dituen animalia da. Bere buztanaren luzera gorputzaren luzera baino motzagoa da, eta ez da inoiz punta formaz amaitzen, borobilagoa da eta. Gorputzaren alde bakoitzean hiru adar brankial ditu, eta kolore grisa izan ohi dute. Animalia honek metamorfosia jasaten du, beraz, larba izateari uzten dio, eta garatu egiten denetan heldu bilakatuz itxura desberdina agertzen du. Heldua egiten denean, adar brankial horiek murriztu egiten dira, eta azala zimurrez bete egiten da. Burua zabala baino luzeagoa dauka, eta oso zapala, harri artean ezkutatzeko. Arrek emeek baino buru zabalagoa dute. Espezie honen gorputza ia zilindrikoa dela esan genezake.
Banaketa
Pirinioetako endemismo bat da, hau da Pirinio zein Prepiriniotako mendietan dago, ohiko banaketa menditarra edota goi menditarra izaten da. Bere presentzia ez da Pirinio axialean soilik zentratzen, iparralderantz eta hegoalderantz ere hedatzen da, kasu batzuetan Prepirinioa gaindituz. Banaketako erdialdean espezie ohikotzat jo daiteke, eta banaketako altitude- muturretan soilik daude populazio zatikatuak. Gure zonaldeko zenbait errekastoetan bere presentzia jaso da. Altuera baxueneko populazioak Larraun-Leitzaldea eta Baztango eskualdetan ageri dira, ziurrenik mehatxu egoera larrienean dauden populazioak dira.
Habitata
Uhandre piriniotarra espezie bereziki urtarra da, eta hainbat ingurunetan aurkitu daitekeen arren, bere berezko habitata erdi eta goi mendiko ur lasterrak dira. Ibai horien ezaugarriak dira ur ertzean landaredi urria izatea, eta harriz eta legarrez osatutako hondoa izatea, landaredi-geruzarik eta limo-geruzarik gabea. Bere habitat sekundarioak dira goi-mendiko laku eta iboiak, erdi-behe-mendiko erreka eta ur-lasterrez gain, lurpeko errekak. Lakuetan ur-ihesbidetik gertu ibiltzen dira, bertan aurkitzen dute eta oxigeno altuko ura. Altitude baxuetako erreketan, ibarbasoan landaredi ugaria duten zonak hautatzen dituzte, uraren tenperatura igotzea eragozten dute eta. Bere banaketa-arearen mugan, Mediterraneo kutsuko gunetan ere aurkitu daiteke; kasu horietan, uraren tenperaturak espeziearen jasankortasun maila gaindi dezake hilabete batzuetan, eta horri aurre egiteko estibazioa edota beren ugal zikloa eraldatzen du. Ur-lasterretan, banako helduak, harrien azpian edo ur-jauzi txikietan pilatzen diren landare-hondarren artean egoten dira. Rana pyrenaica-ren banaketarekin bat egiten duen inguruetan, habitata partekatzen dute. Hego-isurialdean 175-2.500 metro artean bizi da, baina askoz ugariagoa da 1.000-2.000 metro artean eta ipar-isurialdean antzekoa da banaketa, baina askoz altuera handiagora iristen da, 3.000 metroko altitudea gainditzeraino.
Kontserbazio estatusa
EAEn eta Nafarroan ere “Interes Berezikoa” kategorian sailkatuta dago, mundu mailan Arrisku txikiko (LC) espezie bezala katalogatuta dago, nahiz eta azken urteetan, banako arren kopuruko jaitsiera bat eman den horrek dakarren arriskua ugaltzerako garaian eta populazioaren egonkortasuna mantentzeko. Europar Batasuneko faunarako babes programetan sartuta dago 90. hamarkadatik aurrera.
Mehatxuak
Piriniotako uhandrearen mehatxu garrantzitsuenak ondorengoak dira: ur-habitaten asaldura eta galera; azpiegituren garapena eta turismoa, eski-estazioak barne, ur-baliagaien gain-ustiaketa eragin baitute; plagiziden erabilera; eta salmonidoen sartzea, bereziki lakuetan, populazio batzuk galtzea eragin baitu. Gaixotasunei dagokienez, Batrachochytrium salamandrivorans eta Batrachochytrium dendrobatidis onddo patogenoek, kitridiomikosia eragiten duten arren anfibio populazioetan, momentuz Calotriton asper espezieak immunitatea erakutsi du gaixotasun hauen aurrean.
Kontserbazio ekintzak
Naiz eta babes neurri zuzenak jaso ez, Calotriton asper gure eremuan babestuta egonik bizilekuaren babesa eta giza erabileren kontrola dira ziurrenik espeziea kontserbatzeko neurri eraginkorrenak.