Skip to main content

Deskribapena

Euskal Herriko isurialde atlantikoko probintzien aldean Nafarroan presentzia askoz mugatuagoa duen formazioa da zuhaitz landaketena. Euren inguruko deskribapena egiten hasi aurretik, aspektu bat azaltzea komeni da, izan ere zuhaitz landaketak ez dira basoak, euren egitura, funtzionamendu eta bestelako ezaugarriengatik, egurraren aprobetxamendurako landaketak ezin dira basoak izendatu. Hiru ezaugarri nabarmentzen dira zuhaitz landaketetan: monoespezifikoak dira, hau da espezie bakar baten aldeko landaketa da, zuhaitzak lerrokatuta kokatzen dira, kasu gehienetan dentsitate altuan, eta azkenik ale guztiek adin beretsua izaten dute. Guzti hau azalduta erraz uler liteke dibertsitate biologokoaren ikuspegitik formazio txiroagoak direla. Egia da zuhaitz landaketa guztiak ez dutela eragin bera, hostogalkorren zuhaitz landakeak edota pinudi batzuk, eukaliptadien aldean habitat aberatsagoak dira, eta guzti horien aldean bertako basoak dibertsitate biologiko altuagoa gordetzen du bere baitan.

Landaketek tokiko basoak ordezkatu dituzte, eta prozesu horrek bere eragina izan du bioaniztasunaren kontserbazioan. Joan den mendeko 50eko hamarkadan, baserritarren bizimodua autokontsumotik merkatu-erregimenera igaro zen. Laborantza lurrak utzi, eta intsinis pinua (Pinus radiata) landatu zen, lurrak errentagarriago bilakatu nahian. Landaketa gehienak jabetza pribatuko lursailetan egin ziren eta hala diraute. Landaketek 1950eko hamarkadan jo zuten goia, geroztik beste landaketa batzuen aldeko apustua egin da, konifera zein zuhaitz hostogalkorren aldekoa. Azken urteetan zuhaitz landaketak gogor erasan dituzten gaitzak, eta egur prezioaren beherakadak, naturaren ikuspuntutik oso emaitza desberdinak eman dituen bi joera nagusitu dira: jabe batzuek pinu landaketak bere horretan utzi eta pinudi zaharren ugaritzeak bere eragina izan du bioaniztasunaren zati baten gorakadan, besteak beste egur hilaz elikatzen diren kakalardo saproxiliko edota okilen kasuan, aldiz beste jabe batzuk, naturaren kontserbazioan aurkako norabidea hartu dute pinu landaketak eukaliptadiengatik ordezkatuz. Gauza jakina da, eukaliptoak lurzorua txirotu, errekasto eta hezeguneak lehortu eta bioaniztasunaren galera dakarrela, bizidun batzuen kasuan (mugikortasun baxua dutenak) tranpa ekologikoak bilakatuz.

Espezie ordezkaria

Kasu honetan zailtasun handia dago espezie ordezkari bakarra izendatzeko, baina Larraungo bailaran egonda, eta inguruan dauden landaketak ikusita, intsinis pinuaren aldeko hautua egin da. Intsinis pinua (Pinus radiata), hostoiraunkorra da. Orratz-formako hostoak ditu, hiruko taldetan hazten direnak. Landare monoikoa da. Estrobilo arrak adar-puntetan agertzen dira, tente. Emeak, berriz, 3-5eko taldeetan agertzen dira. Arrak horiak dira, eta emeak purpurak. Estrobilo eme heldua pinaburua da, eta barruan hegaldun haziak ditu. Intsinis pinuaren landaketak 30-35 urteren buruan botatzen dira. Egurra gehienbat paper-orea egiteko erabiltzen da, baina baita beste hainbat erabileratarako ere, hala nola zerrategietarako, eraikuntzarako eta bilgarrietarako.

Espezie adierazgarriak

Zuhaitz landaketa motak

Zuhaitz landaketetara lotutako paisaia elementuak

Gure paisaia kulturaleko elementuak sortzerako orduan kanpoko zuhaitz espezieen egurraren erabilera nahiko baxua da, akaso lursailen arteko mugak finkatzerako orduan sortu daitezkeen elementuentzat (itxitura, hesola edota bestelako egiturak) batik bat akazia eta gutxitan pinu egurra erabili izan dira. Horrez gain eremu batzuetan pasabideko elementuak sortu dira zubiak edota bestelako eraikinak intsinis pinuaren egurraren bidez. Baina erabilera nahiko eskasa da, eta bioaniztasunaren kontserbaziorako neurri moduan ez dira landaketetako egurra edo enborrak erabili.

Landa guneen abandonua ez da soilik zereal lur edota altuera baxuko labore lurretara mugatzen, zenbait zuhaitz landaketa abandonoa jasan dute, eta zenbait udal edota elkartek, natura ondarearen kontserbazioaren ikuspegitik aukera oso on moduan ikusi dituzte. Landaketa batzuetan intsinis pinuaren enbor eta adar pilaketak egin dira, eta beste hainbat landaketetan, zuhaitzen eraztuntzea gauzatu da, landaketetan zutik hildako zuhaitzen bidez egur hila handitu baita. Bi ekintzak bertako bioaniztasunarentzat onuragarriak dira, batik bat gainbeheran dauden kakalardo saproxiliko eta okilentzat, baina baita anfibio, narrasti, ugaztun txiki zein onddoentzat ere.

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea