Skip to main content

Deskribapena

Uhandre alpetarra, tamaina txikiko urodeloa da (heldu fasean isatsa duen anfibioa), 11 zentimetroko luzera neurtzera iritsi liteke. Emeak arrak baino handiagoak dira, eta bi sexuak karaktere sexualen bidez bereizi daitezke. Arrek, bizkar aldean eta gune kaudalean gandorrak izaten dituzte, eta sabel aldea kolore laranja biziagoa izaten dute. Uhandreen gorteatzea urodeloen artean luzeenetakoa da. Ernalketaren ostean, ur azpiko landaretzan emeek arrautzak banan-banan ezartzen dituzte, atze aldeko hankak baliatuz. Hainbat astetan zehar luza litekeen prozesuan, eme bakoitzak 300 arrautzetatik gora ezarri ditzake, eremuaren arabera otsaila eta ekaina artean luzatu liteke. Ziklo urtarra metamorfosiarekin osatzen da, helduen oso antzerakoak diren miniaturazko indibiduoak ikusiz.

Banaketa

Iberiar penintsulako populazioa endemismo iberiarra kontsideratzen da. Agertzen duen bereizgarritasuna aski da Europako gainontzeko populazioetatik bereizteko. Populazio iberiarraren antzera, Europako populazioak zatikatuta daude. Banaketa area Europa erdialdera mugatzen da batik bat, Frantziako kostalde atlantiarretik hasi, Errumania edota Ukrainako Karpatoak bitarte. Iparraldetik Danimarkara iristen da, eta hegoaldean Italia edota Grezia arte mugatzen da, azken populazio hauek taxonomikoki berrikusten ari dira. Iberiar Penintsulan iparraldeko-arkua estaltzen du, mendilerro Kantauriarra eta Pirinio mendebaldeko mendi-adarra elkartuz. Populazioaren mendebaldeko muga Muniellos udalerrian aurkitzen da, eta ekialdetik Nafarroako mendilerroetara iristen da; Lokiz, Urbasa, Andia eta Aralarrera, eta Olloko bailaran ere ageri da.

Habitata

EEuskal Herriko uhandre alpetarraren habitata nahiko ondo ezagutzen da. Ingurune urtar desberdinak baliatu ditzake, goi mendiko lakuak, aintzirak, urtegiak, putzu tenporalak edo iraunkorrak, urmaelak, iturriak, ganaduak erabiltzen dituen uraskak, putzuak eta, orokorrean, ur korronterik gutxi edo gabeko edozein ingurune urtar. Ugariagoa da ur garbietan, baina ur uherretan ere ikus liteke. Landaredi urtarraren presentzia ez da mugatzailea baina normalean landare urtarrak dituzten hezeguneak gehiago gustatzen zaizkio, era berean, landaretzarik gabeko iturri eta urasketan ikus daitezke. Putzu hondoari dagokionean, hondo natural lohitsu zein harritsuetan bizi daiteke. Era berean, ur masen bolumena eta sakonera ez dirudi aldagai mugatzailea, gauzak honela mendiko aintzira (Asturias) zein sakonera gutxiko putzu azaletan ikusi liteke.

Kontserbazio estatusa

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorriaren arabera, mundu mailan espeziea ez dago mehatxuan (LC), aldiz populazio iberiarrak Kaltebera (KA) gisa sailkatzen dituzte.

Bernako Hitzarmenaren III. eranskinaren baitan dago. Estatuko Espezie Mehatxatuen Katalogoan “Kaltebera” gisa sailkatuta dago. Nafarroako eta Euskadiko Espezie Mehatxatuen Zerrendetan Kaltebera (KA) gisa sailkatzen da.

Mehatxuak

Espeziea erasan duten mehatxu nagusiak, putzuen lehortzea, kutsadura, eta batik bat goi mendiko putzu zein aintziren nitrifikazio zein eutrofizazioa, ganaduaren presioagatik. Espeziea kaltetzen duen beste eragilea arrain zein karramarroen sartzapena da. Iberiar penintsulako zenbait populazioetan murrizketa garrantzitsuak eman dira, batik bat azpiegituretako lanak burutzean gauzatu diren habitat alterazioengatik, belardien drainatzeengatik edota zohikaztegien suntsipenagatik. Zentral txiki elektrikoetako urtegietako kanaletara banako heldu eta gazteak erortzen dira. Kasu gehienetan gune hauetatik irteteko arrapalak ez dituztenez, zailtasun handiak dituzte bizirik irauteko.

Kontserbaziorako ekintzak

Azken bi hamarkadetan Nafarroan uhandre alpetarraren presentzia bermatuta dagoen eremuetan, Urbasa, Andia eta Aralarren hainbat putzu sortu dira. Orokorrean emaitzak asebete gaituzte, sortutako putzu gehienak kolonizatu baititu, eta ez dirudi goi mendiko populazio hauek murriztu egin derenik.

Aralarreko mendilerrokoa Nafarroako populazio nagusienetako bat da, Iberiar Penintsulan ekialderen dagoen populazioa izanik, Olloko bailarakoak bezala. Astiz eta Iribas-eko hezeguneetan, espeziearen jarraipena egin da, eta espeziearen kontserbazio egoera ezagutzeko premiazko eremuak izan dira biak ala biak.

Taxonomía

Reino: Animalia
Filo: Chordata
Clase: Amphibia
Orden: Urodela
Familia: Salamandridae
Subfamilia: Pleurodelinae
Género: Ichthyosaura
Especie: Ichthyosaura alpestris (Laurenti, 1768)

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea