Deskribapena
Gorputz lodia eta ongi bereizten den isats motza erakusten du, burua ongi bereizten zaio eta forma hirukia agertzen du. Begi-nini bertikalak ditu, diseinu aldetik oso aldakorra da bainon normalean; kolore marroi argia edo gorrizta da nagusia bizkarrean zig-zag egiten duen marra ilun batekin. Arrenak emeenak bainon kontraste biziagoa izaten du. Ez du 60 zentimetroko luzera gainditzen. Emeak arrak baino handiagoak izaten dira.
Banaketa
Iberiar penintsulako (ipar-mendebaldea) endemismoa da, Nafarroan zein EAEn klima atlantiko guneetan agertzen da. Hegoaldera goazen heinean aspis sugegorriak (Vipera aspis) ordezkatzen du, zenbait gunetan espezie biek bat egiten dute, adibidez Piriniotan.
Habitata
Baso eremu heze eta irekietan, larre eta baso arteko mugetan, sastrakadietan eta landa-eremuetan aurki daitezke sugegorriak. Habitat aukeraketa nahiko zabala du, baina beti termoregulazioa ahalbidetzen duten inguruak lehenesten dituzte.
Kontserbazio estatusa
Nafarroan zein EAEn ez dago katalogoetan sartuta, eta bere populazioa egonkortua aurkitzen da azken ikerketei erreparatuz, ala ere adibidez Portugalen eta Frantzian arriskuan eta kalteberan katalogatzen da eta mundu mailan kezka txikia duen espezie moduan sailkatzen da.
Mehatxuak
Mehatxu-faktore nagusia habitaten suntsipena da, nekazaritza zein giza jarduera areagotzearen ondorioz, baso eta harrizko hormen ertzak suntsitzea ere kalte egin diezaioke. Iberiar Penintsulan hegoaldeko mugan dauden populazioek habitat egokiko eremu txikietan isolatuta eta kokatuta daude kasu batzuetan habitaten suntsipenaren ondorioz, nekazaritzaren mekanizazio progresiboagatik eta nekazaritza eremu estentsiboen hazkundeagatik. Frantzian, populazioak isolatuta daude eta batzuk desagertu egingo dira Donibane Lohitzunen adibidez urbanizazioetarako habitatak suntsitu direlako. Zuzeneko jazarpen handia eduki duen espeziea da, pozoia edukitzeagatik (hozkada kasuak gutxi dira eta ondorio arinak dituzte) baina espezie interesgarria izan daiteke abeltzaintza eremuko jendeentzat, karraskari txikietaz elikatzen delako. Azpimarratu behar dira errepideetako harrapaketak. Harrapakin bihurtzen da, zenbait hegazti zein ugaztunena.
Kontserbazio neurriak
Gure inguruan babestuta ez daudenez, ez dira neurri zehatzak martxan jarri. Akaso sugegorri kantauriarraren kontserbazio egoerak hobera egin dezan, jazarpen zuzenaz hiltzen diren banakoen kopurua murriztea litzake. Lan horretan ingurumen hezkuntzak eta dibulgazioak berebiziko garrantzia du. Lan horretan Aranzadi Zientzia Elkarteak ekimen desberdinak martxan jarri ditu: We are snake friendly eta #sugebizi: tailer, erakusketa, irteera gidatu edota hitzaldiak egin izan dira, jendeak espezie hauekiko begirada aldatu dezan.