Deskribapena
Baso-igel jauzkariaren larben eklosioa nahiko berandu ematen da, dagoeneko larbak igeri egiteko gai direnean. Brankia txikiak azaltzen dituzte, gorputzera itsatsiak eta adarkatu gabeak izaten dira. Begien arteko distantzia, distantzia internasala baino bi bider handiagoa da. Gandor dortsala dute, nahiko altua (bereziki gorputzaren lehen herena) eta espirakuluraino luzatzen dena. Gandor honek mutur zorrotza du. Isatsa, burua eta enborra baino luzeagoa da eta alboetan kolore iluneko orban nabarmenak ditu, modu irregularrean kokaturik, eta enborreraino zabaltzen direnak. Sabelalde iluna dute, pigmentatua. Igel lirainak dira, oso hanka luzeak eta mutur zorrotzak erakusten dituzte. Ar helduak ez dira 6,5 zentimetro baino handiagoak izaten, emeak aldiz, 8 zentimetrora iritsi daitezke.
Banaketa
Espezie hau erdialdeko Europako zati handi batean dago zabalduta. Iberiar Penintsulako iparraldetik (Portugalen ez dago) Turkiaraino aurki daiteke baina iparraldeko muga Danimarkan du eta ez da Greziatik hegoaldera aurkitzen. Euskal Herrian bereziki Araban aurki daiteke, isurialdeen banalerrotik Kantabriako mendilerroko iparraldeko hegaleraino, Nafarroaraino hedatuz. Bizkaian, Urduñan eta Otxandion baino ez dira topatu. Nafarroan Kantauriar mendikatean Iruñeko arroan, Ultzamako haranean eta Sakanatik Larraungo bailaretaraino. Eremuotan modu irregularrean banatzen da. 2008ko ikerketa baten arabera Nafarroa osoan bi mila igeleko populazioaren estimazioa egin zen.
Habitata
Ur-landarediaren artean jartzen dituzte erruteak, baso-igel jauzkariaren banako helduek. Hosto erorkorretako baso, batik bat ameztietan aurki daitekeen, urmael helduetan, hidroperiodo luzeko hezeguneetan. Europan espezie honentzat oinarrizko habitat diren hosto erorkorreko basoetan ez ezik, hezegune eta larre hezeetan dago. Hala ere, lehorteak eta tenperatura altuak hoberen jasaten dituen igeletako bat da eta urik gabeko baso-ertzetan ere aurkitu ohi da maiz.
Kontserbazio estatusa
Baso-igel jauzkaria Kaltebera kategorian dago sailkatuta EAE-ko espezie mehatxatuen zerrendan eta Nafarroan aldiz Sentikorra kategorian. Ugaritasuna desberdina da leku batzuetatik besteetara. 1950eko hamarkadan jasotako datuak 1980ko hamarkadakoekin alderatzen baditugu, populazioek beherako joera izan zuten. Nafarroako Rana dalmatina igelaren populazioa elkarri lotu gabe dauden 4 populazio guneetan banatuta daude.
Mehatxuak
Baso-igelaren populazioa murrizteak lurreko habitaten (baso hostoerorkorra, batik bat harizti eta ameztiak) galerarekin erlazionatzen da nagusiki, nekazaritza, abeltzaintza zein industria eremu bihurtzeko edo nahiz eta eremu hauek ez galdu haien kalitatearen galerak zuzenki eragiten dio espezie honi. Beste aldetik, espeziea murrizteko arrazoi garrantzitsuenetako bat ingurune urtarrak desagertzea eta lehortzea da, ezinbestekoak baitira haien ugalketa denboran zehar garatzea.
Kontserbazio ekintzak
Espeziearen kontserbazioa hezeguneen kudeaketari zuzenki lotuta doa. Habitat lurtarra laborantza- edo urbanizazio-eremuek ordezkatu duten tokian, ezinezkoa dirudi habitat hori berreskuratzea eta hari lotutako basa-fauna berreskuratzea. Lurreko habitata kontserbatuta dagoen eremuetan, hezegune berriak sortzea eta daudenak lehengoratzea nahiko estrategia errazak eta oso erabilgarriak dira. Beste aldetik populazio isolatuetatik gertu daudenak korridore ekologikoekin lotzea interesgarri izan liteke, Aralar Parke Naturalaren kontserbazio planean badago korredore batzuk martxan jartzeko egitasmoak.