Deskribapena
Apendikulatuen sekzioko espeziea dugu, hanka, tutu eta poro horizta erakusten dute, haragi sendoa eta horizta, berde itxura hartzen du eta galeria batzuk ikusten zaizkio larbak zulatu ezkero. Txapela hasieran hemisferikoa, gerora konbexu-zapala, hasieran ertza kurbatua, gerora lobulatu eta oxkarratua. Kolore gorri bizia, kasu batzuetan ilun xamarra, baina ezaugarri oso deigarria izaten da. Hanka motz eta sabelduna, denborarekin hazi egiten da, hori bai beti behe aldean puztu egiten da, kolore horikoa, kasu batzuetan oso bizia izaten dena, eta kolore bereko erretikularekin apaindua.
Banaketa
Europa mailan banaketa area zabala erakusten duen espeziea da, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ez da arrunta. Nafarroan ez da espezie ugaria, bereziki iparraldeko pagadietan ikus liteke, Ultzamako bailaran eta Basaburuan, Erron eta Aezkoan, eta Sakanan eta erdialdean espezie arraroagoa da, banako batzuk ikusi izan dira Larraungo bailaran.
Habitata
Ektomikorrizikoa, baso heldu eta ondo kontserbatuei lotuta ageri da, fagazeotara, batik bat lurzoru neutro edota azidoetako pagadi eta hariztietara.
Kontserbazio estatusa
Zerrenda gorrian sailkatuta dago, B erizpidea aintzat hartuz Galzorian kategorian.
Mehatxuak
Mehatxu nagusia habitataren galera izan da, batik bat pagadi eta hariztien ordezkapena zuhaitz landaketa monoespezifikoen ordez.
Kontserbaziorako ekintzak
Onddoen kontserbazioaren ikuspegitik, eremu babestu batzuetan onddo bilketa mugatzea izan da ekimen eraginkorrena.