Deskribapena
Landare belarkara bizikorra da eta lurpeko tuberkulu ia biribilak ditu. Metro baterainoko zurtoin tenteak ditu. Hostoak ugariak dira, txandakatuak eta palmatisektuak. Gingilen nerbiazioa nabarmenki saretua da. Loreak urdinxkak dira eta panikulak eratzen dituzten lukuetan bilduta daude. Sepaloak bost dira eta petaloen itxura dute. Handiena, kaskoa, zabal baino pixka bat luzeagoa da. 3-4 folikulu glabrok eratzen dute fruitua. Hazien aurpegiek zeharka 4-6 orritxo dituzte, hegalen gisara. Udan loratzen da, uztaila eta iraila bitartean, eta fruituak udazkenean heltzen dira.
Fenologia:
- Loraldia: VIII-IX
- Fruituak emateko garaia: IX-X
Espresio sexuala: Hermafrodita.
Polinizazioa: entomofiloa.
Sakabanatzea: Anemokoria, barokoria.
Forma biologikoa: Geofito errizomaduna.
Banaketa
Nahiz eta espeziea Europako hegoaldeko mendietan banatzen den, subespezie hau Mendebaldeko Pirinio eta euskal mendietakoa baino ez da. Iberiar penintsulan ia bakarrik Andia, Aralar, Ernio eta Aratz mendietan agertzen da. Gainera, oso puntualki Aragoira iritsiko litzateke, Aspe bailaratik gertu, Pirinioen iparraldeko isurialdetik. Nafarroan oso puntuala da, eta soilik aurkituko dugu Beriain mendiko eta Aralarko Malloetako gune ospeletako erlaitz belartsuetan eta megaforbio-komunitateetan. Gainera, duela gutxi berretsi ez den erreferentzia bat dago Yoar mendian.
Habitata
Kareharrizko harkaiztietako erlaitz belartsuak, eta megaforbio eta belardi heze eta fresko menditarretan; beti gune ospeletan.
Lehentasunezko lurzorua: Basofiloa.
Altitudea:
- Altitude tartea: 765-1.750 m.
- Landaredi estailak: menditarretik subalpetarrera
Kontserbazio egoera
Nazioartea
- Hábitat Zuzentaraua: -
- Bernako hitzarmena: -
Estatala
- Katalogo nazionala eta Babes Erregimen Berezian dauden espezieen zerrenda: -
Nafarroa
- Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoa: Kaltebera
Pirinioak
- Pirinioetako floraren zerrenda gorria: LC
Mehatxuak
Landare honen populazio gehienak abereentzat irisgarriak ez diren lekuetan daude. Gainera, ganaduak ez du oso gogoko, landare pozoitsua baita. Hala ere, Malloetan ikusi dira ahuntz taldeak landare honen fruitu eta hostoei koska egiten. Beste mehatxu faktore batzuk dira Nafarroako populazioak (Gipuzkoa eta Arabakoekin batera) banaketa absolutuaren mugan egotea, Pirinio frantsesetako populazio nagusietatik urrun; eta tamaina txikiko populazioak izatea. Horrek, odolkidetasun arazoak eragin diezakiozke. Gainera, landarea oso ingurune ekologiko zehatzetan babesten da, goi-mendiko ezaugarriak dituztenetan, eta, horregatik, oso kaltebera da horien aldaketarekiko edo degradazioarekiko, baita klima-aldaketarekiko ere.
Kontserbaziorako ekintzak
Beharrezkoa litzateke landarearen populazio bilakaeraren jarraipen lanak egitea, kontserbazio egoerari buruzko informazioa eguneratua izateko eta, beharrezkoa balitz, presazko neurri zuzentzaileak hartzeko. Gainera, Nafarroako populazioen haziak gordetzea ere beharrezkoa litzateke.